Sustrai COLINA
Ekainaren ondarretik
Bukatu da ekaina. Akabo ikasturtea. Hasi da uda, hasi dira bakantzak xantza gehien dutenentzat. Aski baita ikasleak bakantzetan egotea mundu guztia bakantzetan dela sinesteko. Baina ez, ez da hala. Oraindik jendeak gogotik lan egin beharko du. Udan egiten den lanak indar bikoitzak galdegiten baititu. Jakina da, besteak alferkerian ari direla irudikatze hutsak alfertzen dituela norbere indarrak. Etorriko dela udazkena diote uda guztia karraskan pasako dutenek, oportiarrek irailik ikusi nahi ez duten bitartean.
Langile zein oportiarrek herriko bestetan egiten dute topo. Eta egia esan, bada aski aukera uda osoan zehar. Euskal Herrian izanen dira eskasia eta gabeziak baina festei dagokienez behintzat, ongi hornituta gaude. Harrigarria da, gainera, jendeak bere herriko bestei dien maitasun itsua. Denetik egongo da hor ere, baina gehien-gehienek ez lituzkete euren herriko besteak ezeren truke emango.
Hala behar duela esango didate herri maitale sutsuenek. Arrazoi dute seguraski. Ez dakit. Gaur egun, batetik bestera ibiltzeko dugun joera nomadarekin, eta uniformizazio geroz eta nabarmenagoarekin, zaila egiten zait herriak bereiztea. Besta programa gehientsuenak antzekoak dira. Taldeen izenak eta protagonisten izenak aldatuko dira baina enbor bereko ezpalak ez ote direnŠ
Horrek uzten du agerian, gure herriko bestak ederrarengatik baino gureak direlako maite ditugula. Eta zenbateraino diren gureak ere, ez dakit.
|