Euskara eta euskal kultura laguntzeko Udalbidek aurten izandako bujetaren apaltzeaz aritu da berriki Ramuntxo Camblong PNBren hautetsia aste honetan mintzo. Horrela, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan euskarak bizi duen egoera hobetzeko laguntzen murriztea Ezker Abertzalea (EHAK) bozketan Gasteizko parlamentuan abstenitu izanari egotzi dio.
Bere alderdiaren ahuleziak eta PSErekin mahai azpiko tratu lotsagarriak tapatzeko Ramuntxo Camblong ez da erdi gezurretan ibili beharrik. Erdi gezurretan dabilela diogu, izan ere EHAKk, ezker abertzalearen talde parlamentarioak, Iparraldean euskara lagundu eta sustatzeko iazkoa baino diru kopuru handiagoa bozkatzeko prest zen. Baina Jaurlaritzak kudeatzen duen sos hori Euskal Elkarte Autonomoko herritar guziena izanik, EHAKk Udalbide laguntzeaz gain Udalbiltza eta Laborantza Ganbara ere laguntzea eskatu zuen, normala eta zuzena den bezala. EAJ-PNVk ezetza eman zion proposamen horri.
Horra Camblong jauna, zure hitzetan egia osoa ez errateagatik erdi gezur bilakatu dena. Baina jukutria horien gibeletik beste arazo larriagoa agertzen da : EHAK prest zen gobernuko hiru alderdiekin bujetaren inguruan eztabaidatu eta akordioetara heltzeko eta baita laguntzak emendatzeko. Baina EAJ-PNVk nahiago izan du eraikuntza nazionalaren alde ez den PSE-PSOErekin tratutan sar eta bere interes propioak babestea. Ondorioz PSE-PSOEk laguntza hori ez bozkaturik Udalbide Jaurlaritzaren laguntzarik gabe gelditu da eta honekin batera euskaragintza, Laborantza Ganbara eta euskaldunak oro gira galtzaile.
Agian heldu den urterako zerbait ikasiko dute PNBk eta Camblong jaunak.
Jean-Claude Agerre / BATASUNA