Koldo AMESTOY
Hitza ala luma, haizeak darama... (3)
Gure herriko erran-zahar honek ulergarriena dela dirudi. Itxuraz bederen. Baina horra, ez baititu haizeak denetan hitzak eta lumak eramaten !... Partikulazki, idazkerak "zibilizatu" zituen herrietan, bertako "kulturadunen" ahotik entzuten denez : "Hitzak dira airatzen, idatziak aldiz gelditzen". Hitza eta honekin ahozkotasuna bera, mespretxatu eta baztertu nahiz, aho beteka ari direlarik. Idazkera, memorioaren oinarri bakar eta segurrena balitz bezala. Zuk errazu ! Hitza eta luma, biak elkarren kontra emanez, bata bestea bezala, errex menperatzeko eta gero suntsitzeko modu hoberena da. Gure atsotitzak aldiz, hau guzia hausten du, hitza eta luma, biak airez aire igorriz. Baina zergatik utzi behar genituzke haizeak eraman ditzan ? Zergatik ez genioke zuhur-hitz honi, izpiritua osoki aldatuko, bere helburua itzulipurdikatuko? " Luma ala hitza, haizeak ezin deramatza". Bai ?
Hortarako, haizeak eraman ohi dituen hitzari eta lumari pisu zerbait gehituko genieke. Lehenik, bien arteko adixkidetasun sendo bat eraikiz... Nortasun eta gogo apur batekin indartuz... Jostatzeko ahalak bakoitzaren baitan piztuz...
Hitzari emanez gogoetaren hari luzea, zintzotasunaren balioa, askatasunaren harrotasuna, erokeriaren ausartzia... Beti, ekintza garbi eta iraunkor bati uztartutik.
Lumak bere aldetik, zuhurtziaren tinta bizi eta lodian sartu beharko luke lanean hasi baino lehen : lurreko eta zeruko zazpi koloretan, jendetzaren lau margotan... Besteak beste...
Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu...
|