Jose Luis AIZPURU
Jasmine
Ainitzetan entzun dut izen hau azken boladan, baina beti ere beste izen baten ondoan, gibelean, ezkutuan bezala: Fred Larranaga eta Jasmine. Kuriosa egin zait denok darabilgun erramoldea.
Irrati eta telebista guztietan agertu zaigu Ainarbeko Kako etxaldeko laborari gaztea, bai eta kazetetako argazkietan ere, ardi buru beltxez inguraturik. Halabaina, Jasminen errestorik ez. Ez argazki, irudi edo elkarrizketarik. Nik dakidala biak dira laborari, eta biak ere desmartxa bera daramate aitzina, baina, nago, komunikabideok ez dugula oraindik, berdintasunaren teoria polita, praktikara eramaiteko ohiturarik.
Norbaitek erranen dit gizartean ere horrela dela, guztiz txertatua dagoen ohidura dela;eta bai, egia da, ikusi besterik ez dago, emazteek nola galtzen duten beren izena-izana ezkontzen direnean. Bigarren mailara nola iragaiten diren bizi publikorako.
Abizenaren galtzea ez dut uste detaile nimino bat denik. Naturaltasunez egiten bada ere, sanoki, eta bi aldiz pentsatu gabe, emazteen ezabatze publikoaren ispilu dela iruditzen zait. Sumisioaren eta makurtzearen logikan, beste urrats bat gehiago.
Komunikabideetan ari garenok ederki dakigu zein gaitz den emazten atxekitzea elkarrizketa baten egiteko; mikroaren aitzinean mintza arazteko, edo, mahainguru batean, eztabaidan aritzeko gizonekin batera, parez par.
Baina hau ez da aldatzen egunetik biharamunera. Poliki-poliki edo fite-fite, emazteek bizi publikoa errekuperatu behar dute, ardura postuak hartu, eta gure eredua kanbiatu. Baina horren egiteko has gaitezen urrats txikietatik. Izenaren aferetik has gaitezen.
|