Yves MATXIKOTE - Alaitz ZABALETA / EHEko KIDEAK
Masturbazio linguistikoa (edo frantses estatuaren antidemokratikotasuna)
2008ko maiatzaren 7a harri xuri batez markatu behar omen ginuen egutegian, egun historikoa izan behar omen baitzen. Lehen aldikotz, frantses legebiltzarrean estatu barnean harrapaturik dituzten hizkuntzei buruz mintzatu behar ziren-eta. Masturbatzeko lehen unea. Egun historikoa izan da, hori segur, bainan ez batzuk espero zuten zentzuan.
Historikoa izan da parlamentarien presentziagatik, 50 baizik ez baitziren bertan (%10 inguru). Bertaratu ziren apur horiek gehienek hizkuntzen defentsa egiterat joan ziren, aurkari gutti zituztelarik parean. Aurkari diot, baina funtsean, emaitzarekin gutti batzuk baizik ez dira ase gabe egonen.
Izan ere, nazionalismo frantsesaren presentzia eta goraipamena eten gabea izan da, antza hizkuntza bat ezin baita defenditu frantsesaren nagusitasun, edertasun eta ordezkaezintasuna goraipatu gabe. Batzuk, departamenduaren alde egin zen bezala, alde ekonomikoa saldu nahi zuten! Nolabait, gure hizkuntzak salbatu behar ditugu aktibitate ekonomikoaren iturri baitira, sosa ekartzen dute-eta! Eta bertze batek, Euro kartaren alde eginez, sarhitzan dauden bi irizpideen arteko desoreka egin nahi izan zuen, hizkuntza eskubideen aipamena guttituz, Euro kartaren aplikazioa estatuko hizkuntza "nazionala" kaltetu gabe eginen zela azpimarratuz. Hau izan zen beren betiko kezka! Ez eskubideen errespetua, ez, hori demokraziendako daŠ edo ez, demokrazia ez direnendako, baizik eta Errepublika Frantses(dun)aren batasuna!
Y'a bon Banania !
Jean Lassallen penarako, "munduko herri aitzinatuena" den Frantziak (zertan?) ez ditu azken bi mende laburretan egin kaltea konpontzeko gogo izpirik.
Frantses nazionalismoa hain harro den, bertzeei egiten dien oharrak bere buruari ez ditu aplikatzen, eta parlamentari baten oharra zentzu horretan joan zen. Horrek, Errepublikak Txinari Tibeta eta tibetarren hizkuntza errespetatzea inposatu nahi ziola gogoratu zuen. Bitartean, Estatu frantsesa, "demokrazia aitzinatuena", glotozidioak bideratzen ditu hainbat eta hainbat hizkuntza komunitateei begira, modu ezin maltzurragoan. Eta horretaz konziente dira! Legebiltzarreko "eztabaida" horretan hizkuntza eskubideak behin eta berritz aipatuak izan dira. NBE (ONU)-tik egin oharrak ere errepikatuak izan dira, bainan gaitzerdi: Errepublika frantsesa bat eta zatiezina da, bertako hizkuntza frantsesa da, "denon onurako"Š amen. Kolonizazio garaiak ez dira hain urrun, bukatu ote dira?
Titre marginal
Zer erabaki da orduan?
Gorren eztabaida horretatik ez da deus atera. Bai, barkatu, erreferentzia koadro bat osatuko dute, lege gisa formulatua (ministroaren hitzetan). Horretan berritz hasten da masturbatzeko garaia. Frantses gobernuaren helburua, izenak dion bezala, hizkuntzei koadro bat eskaintzea da, hedabideetan (kuota eta orokortzerik gabe), irakaskuntzan (balio ez duen sistema elebidun batekin), seinaletikan (desorekatua) eta toponimian (berezko izenen folklorizazioarekin). Ez gaitezen emozionatu! Koadro bat da eta konstituzioa ez da aldatuko. Aipatu dituzten hizkuntza eskubideak ez dira kontutan hartuko. eta Frantsesa izanen da balioko duen hizkuntza bakarra. Funtsean, egungo egoerarekin aldaketa gutti, ez bada egiten dena paper ofizialetan idazteaŠ
Ministroak Euskara Bulegotxo Publikoari buruz egin aipamena zuzena azpimarratzekoa da, justu bezperan ogi purruxka horren lehendakari erdaldun peto-petoa telebistan harroa egiten zuelarik. Azkenean, Parisen "proposatu" dena, P.A. departamenduko prefetak igorri gutunaren edukia izan da eta EEP-k "antzezten" duena orokortzea izan da bainan kasu, orokortzea nahi dutenentzat! inposatu gabe e! Frantsesak izanen du balioa, beti. Ondoan idatziko den hizkuntza (euskara adb.) idazten duenaren plazer pertsonalerako izanen da (ai! masturbazioa!). Adibide berrietan dugu Brisson-eniak dokumentu batzuk egileei itzuli izana, frantses partea ez bete izanagatik! Berdina egin ote du bakarrik alde frantsesa bete dutenekiko, gure euskaltzale amorratuak?
Pariseko demokrata-errepublikano horien ahotan entzundako hitz emari guzi horrek, Euskal Herrian bertan entzuten diren hitzak oroitarazi dizkit. Okerrena, hitz horiek ez ditudala frantses jakobinoen ahotik entzuten soilik, baizik eta beren burua abertzaletzat (eta ezkertiar) jotzen duten batzuen ahotik.
Gure kasuan euskararen normalizazioaren alde egiten dugun bakotxean, folklorizazioarekin nahastekoa ez dena, inposaketa bultzatzea deitoratu zaigu, Pariseko parlamentuan bezala. Hots frantsesa jakin BEHAR da, naturala da eta ez da inposatua. Euskara edo berezko hizkuntzak aldiz, pettentta pare bat bezala dira, belarriak zulatu nahi dituenak egin dezala, bainan bertzeak bakean utz ditzalaŠ
Masturbazioa ona da, plazerra sortzen du. Bainan plazer hori unekoa da, ez du ordezkatzen maitasunak eskaintzen duen gozamen iraunkorra. Gure hizkuntza museoan amaitzen ikusi nahi badugu, proposatzen dizkiguten tranpa guzietaz gozatu genezake bainan biharamuna gero eta grisagoa izanen da. Hizkuntza norbanakoen plazerrerako ezin da atxiki, ez da atxikitzen.
Herrietatik ofizialtasuna!
Urte luzeetan eraman dugun borrokaren fruitua dugu azken garaietan Euskal Herrian Euskaraz-ekin egin dugun proposamena. Eskubideen onarpenean oinarrituz, delibero eta planen bidez euskararen normalizazioa du helburu.
Deliberoek, herrien egoeraren arabera moldaturiko legea osatzen dute. Bertan, herrian euskalduntzeko tartezko helburuak markatzen dira. Herri guzietan eska ditzagun euskararen deliberoak bozkatzea!
Helburuak markatzea ez denetz aski, horiengana joateko tarteko urratsak definituko dituen planak zehaztea, eta hori dena koordinatzeko herriko batzorde bat osatzea eska diezaiegu hautetsiei!
Urgentzia bada, denok kontziente gira. Jakobinoei beren helburuetara iristeko gutti falta zaie. Guri aldiz, iratzartzeko tenorea bada, ausartasunez! Borondatea dagoen lekuetan aldaparik ez dagoenetz, herrietatik euskara ofiziala egin dezagun eta euskaldunon hizkuntza eskubideak babes ditzagun!
|