Mintza
IHESLARIA
Jakes Lafitte
Muga askok elkar aurkitzen duen tokian kokaturik da Arnegi, herri berdinean izan arren: Espainiak eta Frantziak beren muga jarri zuten lekuan, baita Nafarra Garaia eta Basanafarraren artekoa ere. Bi estaturen arteko muga, herri berdinaren barnekoa ere; hala izan da Kondairaren patua. Bigarren mundu gerlaren garaietan muga zikinago bat jasan izan behar zuten Arnegitarrek, Alemaniatik heldu okupatzaileak eta Vichyn zuten gobernu laguntzaileak hitzartu zutena hain zuzen. Mundua banatzen zuen herriko karrika nagusian zegoen marra berria: gune okupatua mendebaldean eta gune sasi librea ekialdean. Egunero hor zeuden soldadu alemaniarrak, ongi armatuak eta zeharkatu nahi zuen jendea kontrolatzen ari. Arnegitarrak bistaz ezagutzen zituztenez gero, kontrola gutxiago jasan behar zituzten naski, bainan okerrena zegokien heldu berriei eta iheslariei.
Daniel trenez etorri zen Bordeletik Garazira. Judutarra izanik, giro txarra zegoen Girondako hiriburuan, Papon prefetak agiri asko izenpetu ondoren desagertu baitzen haren erlijiokide andana bat. Zentzu bat egitea eta arduragabekerianan zeudenei lanik ematea omen zen ekintza horren helburua. Hasieran hala sinhisten zuen jende arruntak, jende baztertuen biltzea gauza normatzat jotzen zutelako agintariek gerra denboretan. Bainan gero eta gutxiago fidatzen zen populua, ohartzen zelarik buhumiak, gizartean goi mailako toki bat zeukaten judutarrak - medikuak, enpresariak legegizonak - eramaten zituztela. Danielek berak galdera asko egiten zizkion bere buruari, asmo politika aurreratzaileak zituzten judutarrak atxilotzen zituztela jakinik.
Bordalen ez zuen Danielek familiarik, senide guztiak Argentinara abiatu baitziren. Neska laguna eta zuzenbide ikasketak zirela eta, bera Frantzian geratu zen. Ikasketak ongi zihoazkion arren, bizitza sentimentalari buruz ezin zitekeen gauza bera esan. Arazoak Paule neska lagunaren etxera lehen aldiz joan zeneko hasi zitzaizkion; Bordeleko etxe aberats eta konserbatzaile batekoa zen Paule. Zuzenki azaldu ez bazioten ere, topiko eta eletxo faltsu batzuen emanez Danielen judutargoa onhartzen ez zutela azaldu zuten Paulen gurasoek. Bi aste geroago neska lagunarekin moztu zuen beraz, Paulen familiarekilako harremanek etorkizunik ez zutela izanen segurtaturik.
Larunbataren eguerdian Baionara iritsita, Saint Andre plazara joan zen Antxon fakultateko lagun baten ikustera. Konfiantza zuen Antxonekin, haren pentsaera aurreratzaile eta tolerantea arrats ongi ezagutzen baitzuen. Elkarrekin bazkaldu zuten hibai ondoko arkupean. Berehala gaira heldu zitzaion Daniel: bere bizitza arriskuan zelakoan, muga zeharkatzeko laguntza eta aholkuak eskatu zizkion Antxoni.
Irundik pasatzen saiatzea oso periltsua zela erantzun zion, Gipuzkoan eta Bizkaian azken urte hauetan gertatu zenarengatik, bi probintzi horiek paregabeko zaintzapean daudelako. Gauza hoberena zen Nafarroatik joatea eta garai hauetan Arnegiko parrokoa zen Donetxe apezarengana joatea aholkatu zion. Trenen geltokian baino kontrola gutxiago pairatzeko kamioi batean Arnegira joan zen Daniel, txoferra Antxonen hauzokoa zela.
Arnegira iritxi zen 1942 urteko irailaren 10, ilhunabarrean. Berehala elizara sartu zen, beranduago kaleetan ibiltzea arriskutsua zela jakin bazekielako. Bizpahiru atso ezik, hustua zen eliza, eta urrats herabez poliki sakristiaraino iritsi zen. Hortxe zegoen Donetxe, elizkizunetarako gauzak jasotzen eta ordenatzen, egunero bezala. Gizon apal eta lasaia zen, baketsua eta edonori laguntzeko prest. Agurtu eta bere arazoa aurkeztu zion Danielek apezari:
- Udutarra nauzu eta zure laguntzaz muga zeharkatu nahi nuke, Frantzian nire egoera ez baita segurua. Horretaz zurekin mintzatzeko Antxon Aire Baionako ikaskideak aholkatu dit.
Une luzetxo batean pentsakor geratu zen apeza, eta arrapostua eman zion:
- Planik badut eta uste dut eragingarria datekeela. Beharbada Judutarra izanik arraroa eta nardagarria irudituko zaizu eginen duzuna. Bainan finean Jaungoiko berdina dugu kristauok eta judutarrok, profeta desberdinak ukan arren. Halako garaietan elkar lagundu behar dugu eztabaida teologikoetan sartu ordez. Muga zailena kale nagusiak eratzen digu; karrikaren bestaldean gune sasi librea dago eta handik Espainiara sartzea oso erreza da. Nik ezagutzen dudan baserritar batek bidexka erakutsiko dizu. Guardia alemanen kontrola engainatu behar dugu eta zuk egun bat baino gutxiago egon behar duzu gure artean, bestela zure nortasun agiria eskatuko dizute, Arnegin zure egonaldia justifikatzeko.
- Zer plana duzu orduan?
- Nahiko sinplea: marraz bestaldean atso bat hiltzear dagoela eta azken sakramentua eskatuko duelako zurrumurrua zabalduko dut herrian. Hara joanen gara oinez, zu nire laguntzailea izanik. Euren buruzagiek agintzen dietenaren arabera, Elizkizunetan ez dira sartzen alemanak; oso diziplinaturik daude gainera, diziplinari uko egitea hemendik alde egitea eta Errusiara joan beharra kostatzen ahal zaiela badakite. Makiarekin ba omen dute asko egitekorik.
Goizeko zortzietan etxez etxe ibili zen Donetxe, Bordaxuriko Gehexanak azken sakramentua eskatu zuela zabalduaz. Herritar andana bat bildu zen elizaren aurrean, karrika nagusiaren alderdi bietan, apezaren zai. Goizeko hamarretan elizatik atera ziren apeza eta Daniel. Oleazioa emateko erabiltzen diren sotana beltza eta xingola morea zituen soinean apezak, eskuan ostiak zekartzan kalitxa zuela. Haren atzean Daniel zerraion, elizmutil bat bezala jantzia, txintxila mugituaz. Jende guztia so zegoen bikoteari, txapela kenduta gurutzekoa eginez, bi mugazainak serios, guardia alemanak tinko.
Ibilaldia motza izan arren kilometro asko egin behar zituela iruditzen zitzaion Danieli. Norbaitek salaketa bat egin izanak ikaratzen zuen. Ongi bazekien herri okupatu batean errazago dela hertzaleak baino traidore gehiago atzematea. Herri honetan berria izanik, alemanek nortasun agiri bat eskatuko ziotenik galdezka ari zitzaion bere buruari. Finean bukatu zen bidea eta mendirantz zeramatzaten harrizko mando bide batera sartu ziren.
Daniel lasaitu nahirik hizketan hasi zen Donetxe:
- Zailena bukatu da , bainan kontuz ibili behar dugu milizianoren bat agertzen ote denentz. Hauk baitira alemanak baino okerrago. Orain arteko jokabideari jarraitu behar diogu bukatu arte, jende bihur batzuen mesfindantza eta arreta pizt ez ditzagun.
Askatasun usaia nabari erazten zion Danieli, haitz eta pagoen artetik zihoan bideskak. Oski arinak jarri zituelako jotzen zuen minarengatik, askoz atseginagoa iruditzen zitzaion hortik ibiltzea Bordaleko asfaltoan baino. Toki orlegi eta menditsu hori garai hauetan mundua inarrosten ari zen gertaera guztietatik aparte zegoela nabaritzen zuen. Bikain ez zegoen mundu hobekiago baterantz abiatu zela sentitu zuen. Gogoeta horiek moztu zizkion Donetxek, Bordaxurira heltzen ari zirelarik.
- Hemen dago Bordaxuri baserria; Ion du izena bertako jabeak, bere ama zaharrekin bizi den mutil zaharra da . Haren etxea Espainiako mugatik hamar metrora kokaturik dago. Gauean bertan edo bihar goiz goizetik zeharkatuko duzu muga eta Auritzen laguntza atzemanen duzu, lasai.
- Bainan heriotzari buruz gezurretan zu ibili izana onhartuko du Ionen ama zaharrak? Eskatu zion griñaturik Danielek.
- Horretaz ez kexa. Mezetara etortzeko ez da gai atsoa, haren adinarengatik ongi ibiltzeko arazoak baititu. Bainan oso fededuna da eta konfesatu ondoren jaunartzea ematera heldu natzaiola erranen diot. Xingola morea ezkutatu ondoren naski. Ion ongi badaki honetaz. Garai hauetan ez da lehen aldiz hori egiten dudala eta ez da azkena izanen.
Bordaxuriko eskaratzera sartu ziren biok. Gehexana sutondoan eserita erdi lotan. Ion bazkaria prestatzen ari, Sukaldeko gauzetan aritzeko aspalditik unatua baitzen Gehexana. Danieli beste aldera joateko egitaraua aurkeztu zioten Ionek eta Donetxek. Bazkaldu eta berehala joatea pentsatu zuten hiruek. Guardien mesfidantza iratzarriko zen beldurrez, ez zuen maletarik ezta ere motxilarik eraman Danielek. Atorra azpian ezkutatu zuen gurasoek utzitako dirua, haren ondasun apala. Bazkaldu baino lehenago bere bekatuak aitortu zizkion Gehexanak Donetxeri, eta gero eukaristia hartu. Bazkaldu ondoren mugaraino eraman zuen Daniel Ionek, han artzain bat zai zutela.
Donetxe Arnegira itzuli zeneko, ez zioten Alemanek apeza bakarrik ibiltzeari jaramonik egin. Iheslaria mendiko mutil bat zela usteko zuten, eta Nafarroako mendietan ibiltzera ez ziren soldado aleman arruntak atrebitzen.
Bertako mendiak ongi ezagutzen zituen artzainak, Auritzeraino eraman zuen Daniel artaldearekin batera. Hortik kotxez eta trenaz Santanderaino joan zen eta Buenos Airesera zihoan barku batean sartu zen. Hilabete batez beranduago han senideekin elkartu zen Daniel.
Gerla bukatu ondoren, domina asko eman zioten Donetxeri, Frantses, Estatubatuar eta Britainiar agintari militarrek, iheslari andana bati laguntza eman izanagatik.





