Mintza
Grimm-en ipuinak irakurtzeko eta entzuteko aukera
Gaxuxa Arranbide
Abenduaren 2an, Gatuzain argitaletxeak bere azken liburuaren aurkezpena eginen du Baionako Mattin Mega denan. Berrikuntza kuriosa batekin heldu zaizkigu. Euskal Herriko familieri, haurrendako eta baita gurasoendako pentsatua dena, Grimm anaien hiru ipuin laburren liburu-diska bat proposatuko dute bertan.
Gatuzain argitaletxeak eskuz-eskuz Lagunartea elkartearekin eramandako proiektua Durangoko azoka baino egun batzu lehenago aterako du bere lanaren fruitua. Euskal kultur erakundearen, Gerediaga elkartearen eta Plateruena Kafe Antzokiaren partaidetzarekin antolaturik den Durangoko Azokak 43garren edizioa ospatuko du aurten eta abenduaren 5etik 8ra iraganen da. Ipar Euskal Herriko ekoizpenak toki berezi batean aurkeztuak izanen dira aurten ere. Durangoko Azoka euskal sorkuntzaren eta hedapenaren ezinbesteko hitzordua da. Bertan, euskarazko liburuak aurkitzen dira baina ere beste hizkuntza batzuetan diren Euskal Herriari buruzko liburuak.
Egun horietan Grimm anaien historio laburren deskubritzeko parada eskainia izanen da dudarik gabe.
Gatuzain argitaletxeak 1999ko ekainean plazaratu zuen lehen liburua. Geroztik proiektuak eta sailak biderkatu ditu, hasierako ideia beti gogoan atxikiz : euskal sormena ezagutarazi, mundura leiho bat ideki eta jendartea aldatu nahi duten guziekin batera lan egin. "Gure liburuek pentsamendu librea eta plazerra hedatzea dute xedea, hitza, marrazkia eta argazkia dantzan ezarriz eta adierazpenaren beharrari, marrazkiaren edertasunari eta irudiaren lekukotasunari orriak zabalduz" azaltzen du argitaletxeak.
Baina oraingoan proposamen berri batekin heldu zaizkigu. Aurten lehen aldikotz liburu-diska bat proposatzen digute. Lagunarte elkarteari esker grabatu diskan, ahotsez eta musikaz gozatzen ahalko dituzue Grimm anaien ipuinak, hau da Hansel eta Gretel, Biziaren iraupena eta Andere negu hiru ipuin laburrak . 32 orritako liburuan, berriz, Laure Gomez xiberutarraren marrazki zoragarriak eskainiko ditu.
Grimm anaiek herri ipuin germaniar anitz bildu eta argitaratu zituzten. Haietariko hiru atxemanen dituzue liburu honetan, irakurtzeko eta entzuteko, hau da Hansel eta Gretel, Biziaren iraupena eta Andere negu ipuinak. Arantxa Hirigoien eta Luisa Giltsu izan dira ipuinak euskarara hitzuli dituztenak.
Laure Gomez xiberutarraren marrazki zoragarriak gozatzeaz gain, Lekuineko Lagunarte elkarteak buruturiko lan ederra deskubritu ahal izanen duzue ere. Apirilean hasi eta hilabete batzuez liburuari eta ipuineri ezti pixkat ekarriko dion ekoizpena sortu dute. «Gatuzainek ipuinak aurkeztu dizkigunean, diska nola landu hausnartzen egon gira lehenik. Ez ginituen botz ezagunak bertan ezarri nahi, ustez ipuinaren zentzua estaltzeko arriskua gerta zitekeela. Horregaitik gure inguruko lagunen bozekin lan egin dugu» azaltzen du Kristof Hiriart Lagunarteko lehendakariak. «Euskal herritarrek ezagutzen ez dituzten bozak baliatuz, uste dugu entzuleentzat plus bat ekartzen duela. Boz ezezagunak baliatuz, ipuinaren zentzua ulertzeko arreta gehiago jartzen dela pentsatzen dugu eta gainera irakurlearen emozioak azpimarratuagoak agertzen direla ere. Edozoin gurasok bere haurrari ipuina irakurtzen dion emozio berdina ateratzen da diskan eta hori zen burutu hausnarketaren helburua, hau da entzuleari ipuinarekiko hurbiltasun bat eskaintzea» gehitzen du.
Markotx Iribarne, Oier Hiriart eta Patricia Martinon dira ipuinen kontagileak. «Ongi hausnarturiko erabakia izan da, bakoitzaren ahots tinbrearen berezitasunaren araberan harturiko erabakia izan delarik» dio Kristofek. Bakoitzak ipuin bat kontatzen du eta haien ahots tinbrearen arabera hautatu dute norek zein ipuin kontatuko zuen.
«Boza bat soinu bat da oroz gainetik,» esplikatzen du elkarteko kideak. Sorkuntza musikala egiterakoan, oinarri honetatik abiatu direla azaltzen du Hiriartek. «Dena bozaren inguruan eta irakurleak jarritako emozioaren inguruan sortu da. Horregaitik, Patrick Fischer musikari eta teknikalari lana burutu duen laguna eta nere musikari lana aski erresa izan da. Inprobisazioan oinarriturik, irakurleen emozioak gureen ispilua besterik ez da».
«Ipuin bakotxarendako instrumentu mota bat baliatu dute. «Adibidez, Hansel eta Gretelen ipuina oihanean pasatzen da, beraz egurrez eginiko musika tresnak baliatu ditugu sorkuntza honetan» kontatzen du Hiriartek. «Oierren boza, berriz, aski bizia eta energikoa da. Kiroleko erakasle izateak agian badu bere eragina» irriz komentatzen du kideak. «Dena dela, bizitasun zein energi hori musika bitartez ere isladaturik atera zaigu. Pianoaren soinu berdina ateratzen duena, baina soinu aukera gehiago eskaintzen dituen sokazko instrumentu zahar bat baliatu dugu horretarako».
«Jendeak sorpresa hartuko duela uste dut. Agian espero du istoriari loturiko soinuak atxemanen dituela diskan, baina ez, emozioeri loturiko soinua entzun ahal izanen du » esplikatzen du Kristofek, «Musika naturala eta biologikoa» irriz dio. Musikari bere leku propioa eskaintzen diogu, gehienetan ez erraiteko beti musika dantza edota kantuaren mezuari loturik bait dira» bukatzen du lagunarteko kideak.





