Mintza
"Nanogunek zientzia aldizkarietara eraman du Euskal Herriaren izena"
Gai asko daude, baina bi dira bereziki aipatu orduko Pedro Migel Etxenikeren begirada argitzen dutenak. Bata bere alabak dira. Beren argazkiak biderkaturik daude Donostia International Physiscs Centerren duen bulego zabalean. «Politak dira, ezta?», galdetzen du bi neskato ile horiak begiradarekin seinalatzen dituela eta mila bider errepikatu duen pasadizoa gogoratzen du: umeak hartu eta ikastolako autobusera eraman zituen batean gidariak «pozik aitonarekin, ez?» galdetu omen zien. Zaharrenak 11 urte ditu betetzeko eta aitak, Pedro Migelek, 58 ditu.
Begirada argitzen dion bigarren gaia Ibaetako campusaren ertzean dago, autopistaren sarreratik oso gertu. «Datorren hilaren 3an egingo dugu proiektuaren aurkezpena. 2010era bitartean 60 milioi euro inbertituko dira bertan. 27 metroko dorre bat eta inguruan beste hainbat kubo dituen gune horretan 25 zientzialari arituko dira lanean. Andreas Berger alemaniarra izango da ikerketa zuzendaria eta Jose Maria Pitarke, berriz, gunearena.
Mundu mailako ikertzaileak dira guztiak eta aholkulari taldean bere tesi zuzendaria dago, John Pendry. «Nobel Saria hiru urte baino lehen emango diotela egingo nizuke apustu», dio. Aholkularien talde horretan badira dagoeneko bi Nobel sari, Jean Marie Lehn, kimikakoa, eta Heinrich Rohrer, fisikakoa. Gaiari buruzko bideo bat prestaturik du eta fisikaren bi norabideak erakusten dizkigu bere ordenagailuaren pantailan Pedro Migel Etxenikek, segundo gutxiren tartearekin unibertsoan barrena bidaiatu ondoren gizakiaren gorputzean sartuko baikara nanoteknologiei esker.
Zein da, hitz errazetan errateko, gisako gune baten helburua?
Iraganean tamaina handiko gauzek zuten garrantzia, zubi handiek, etxe handiek. Baina elektronikarekin hasi ginen txikitasuna ere erabilgarria dela ohartzen eta miniaturizazioa jarri genuen abian. 1970ean 4.000 transistore sartzen ziren txip batean eta gaur 10 milioi kabitzen dira. Gaur nanozientziaz, nanoteknologiaz edo nanoelektronikaz hitz egiten da bazter guztietan. Zer da, beraz, nanoa? Nanoa tamainari dagokio. Partikulak hamaika dimentsioko espazio batean sokek egiten dituzten bibrazioak direla uste du fisikak -ez dudala ezer ulertzen jakinarazten diot eta «nik ere ez dut ezer ulertzen», dio-. Kontua da magnitude oso txikiez hitz egin behar dela nanoa zer den ulertzeko eta gaur egun, esate baterako, medikuntzan erabiltzen da asko. Zelulei edo ADNari buruz hitz egiten dugunean nanoari buruz ari gara hizketan. Nanoa ez da atomoa hartu eta txikiagotzea, nanoak bere ezaugarriak ditu. Elektronikari esker hasten da txikitasuna erabilgarria izaten, miniaturizaziori esker. Orain nanoteknologiari esker sekulako pausoak ematen ari gara eta 800 bat produktu nano daude dagoeneko merkatuan, baina bakar bat ere ez da Euskal Herrian edo Espainian egindakoa. AEBetan eta Txinan ari dira arlo honetan gauzak egiten. Txinak ekonomia atzeratu samarra duela uste dute askok, baina munduko 15. unibertsitaterik onena dauka. Frantziak hiru bakarrik ditu ehun onenen artean. Gure proiektua ona da, munduko beste hainbat instituturen adinako inbertsioa egin dugu, baina ez gara Europako nanoaren merkatuan ezer. Erreferente txiki bat izatea lortuko bagenu, pozik geundeke. Harvard-eko `gela zuria'k bakarrik Nanogune osoak baino inbertsio gehiago du. Dena den, oso jende ona dator lanera eta aholkulari taldea ikusgarria da. Eta jada Nanoguneri buruzko lanak eman dira argitara munduko zientzia aldizkarietan, Euskal Herriaren izena hedatuz.
Zure ibilbide zientifikoari ekin aurretik haurtzaroa aipatu nahi genuen. Emaiguzu zure haurtzaroari buruzko irudi bat.
Irudi asko ditut eta guztietan ondo konpontzen zen familia bat agertzen da. Ni oso maitatua sentitu nintzen umetan. Aita Izabako sendagilea zen eta ama herriko maistra. 1975ean Iruñara bizitzera joan ginenean, San Fermin ikastolako andereñoa izan zen. Anaia eta arreba izan nituen, Maite eta Jabier. Anaia BBVko zuzendaria izan da, baina niretzako beti Jabiertxo izango da. Familiako giroaz gainera izadiarekiko harremanarekin gogoratzen naiz. Elurrez estalitako Otxaneako pinuak etortzen zaizkit gogora. Ezkaurreko haitzak ikusten ziren gure etxetik aurrez aurre. Berogailurik gabeko etxeak ziren, baina nik oso oroitzapen onak ditut eta oraindik ere sarri joaten naiz han dugun etxera.
Noizkoa da euskararekiko zure lotura?
Txikitandik izan dut nik euskararekiko maitasuna. Gurasoek hitz egiten zuten, baina herrian bakarrak ziren sentipena genuen. Euskaraz hitz egiteko beldurra ere bazegoen garai hartan eta guk hitz solteak bakarrik ikasi genituen. Lekaroz euskal kulturaren gune garrantzitsua izan zen gerra aurretik, baina fraiderik euskaltzaleenak erbestera bidali zituzten eta gu han geundela hasi ziren itzultzen. Jorge de Riezu, esate baterako, nire matematikako irakaslea izan zen, irakasle bikaina gainera. Nik ez nekien orduan musikologoa zenik ere, euskal kulturaren inguruan halako misterio bat zegoelako. Gerora erabaki nuen euskara ikastea eta hiru leku nagusi izan nituen horretarako: Patxi Altunaren metodoarekin ikastaroa egin nuen EUTGn, Mikel Arregi irakasle nuela; Oñatiko agustindarretan egon nintzen 1970ean Eusebio Osarekin eta Azpeitian egonaldiak egin nituen, Pako Garmendiaren arrebarekin eta Azautza baserrian.
Gaztea zinela ikerlari gisa irudikatzen al zenuen zeure burua handitan?
Fisika ikasketak egin nituen, baina berdin-berdin egin nezakeen Historia, Matematika edo Arkitektura. Zientziak gustatzen zitzaizkidan. Zientzietako selektibitatea gainditzeko bi urte behar zirela esaten zen garai hartan eta nik bikain batzuk atera nituen urtebetean. Ikasketak ondo eramateko gauzak ulertzea nahikoa da eta egunero lan pixka bat egitea. Niri karrera oso erraza iruditu zitzaidan. Oso bestelakoa da ikerketa. Ikerketarako borondatea baztertuxea eduki dugu aspaldi honetan, baina beharrezkoa da. Egia da ulertu gabe buruz gauzak ikasteak ez duela ezertarako balio, baina ulertu ondoren buruz ikastea ona da. Eta ikerketarako ezinbestekoa da borondatea. Besteek deskubritu dutena ulertzea gauza bat da, baina norberak gauza berriak atzematea beste kontu bat da. Bide berriak irekitzeko, saiatzea ezinbestekoa da. Bidegurutze askorekin egiten duzu topo eta etsitzen duenak jai dauka. Porrotak onartzen ikasi behar da eta etsipenik gabe lanean segitzen. Adimen distiratsua izanagatik, ez dute denek ikerketarako balio. Nik urte askotako eskarmentua dut eta gazteei gauza bat errepikatzen diet beti: berek uste dutena baino gehiago balio dute. Konfiantza eta harreman esparruak ematen badizkiozu, jendeak erantzun egiten du.
Egingo al zeniguke euskal unibertsitatearen diagnostiko azkar bat?
Izugarri hobetu da azken hogei urteotan. Ni Eusko Jaurlaritzan sartu nintzenetik gaurdaino asko aldatu dira gauzak. Baina helburutik oso urruti gaude oraindik. Herri bezala, ikertzailez betetako unibertsitate bat behar dugu eta, ikertzen duen unibertsitate bat lortzeko, arau gutxiago eta finantzaketa gehiago behar ditugu. Bide luzea egin dugu, baina gure unibertsitatea ez dago munduko 500 onenen artean. Pentsa txirrindularitzan ere euskal taldeak hain atzera baleude... Nafarra izanik ere, autogobernuaren aldekoa izan naiz beti eta Eusko Jaurlaritzak egin duen lanari esker izan ez balitz, ez ginateke egongo esku artean ditugun proiektuei buruz hitz egiteko moduan. (Futbol selekzioaren izenari buruz hasten da hizketan ondoren. Garbi dago gaiak piztu egiten duela. «Izena dela-eta sortu den iskanbila nahasketa batetik dator. Euskadi kontzeptu politikoa da, herri bezala dugun helburua. Helburu horren zati bat eskuratua dugu. Euskal Herria, aldiz, errealitate bat da. Politika abertzale baten helburua Euskal Herri osora Euskadi zabaltzea izan beharko litzateke. Koldo Mitxelenak EAJren euskarari buruzko ponentzia idatzi zuenean horixe zioen: `Hauxe da gogo eta amets duguna. Euskadi osoa Euskal Herri bihurtua ikustea, euskara hizkuntza nagusia duelarik'. Edo Enbeitaren bertso hura gogora dezaket: `Herri bat, Euskal Herria, hizkuntza bat, euskara; aberri bat, Euskadi'. Badakit gaitik atera egin naizela, baina sekulako mina ematen didate gure arteko zatiketek», aitortu du).
Berriro harira itzuliz, historian zehar filosofiaren eta oro har pentsamenduaren aldaketen eragilea fisika izan dela esan ohi da.
Fisika da zientzien artean sinpleena. Lehen handitasuna eta txikitasuna aztertzen zituen, bi norabide horietan egiten zuen lana. Alde batetik big-banda, unibertsoaren sorrera eta gisakoak aztertzen zituen eta gauzen zatikiak bestaldetik. Gaur eguneroko gauzen benetako izaera aztertzen ari da fisika. Nik eskuartean ditudan ikerketak ere bide horretatik doaz. Gero eta arazo konplexuagoak gainditzen ari gara bide horretatik eta nanoteknologia ere bide horretatik doa. Nanoteknologia ez da fisikatik bakarrik jaio. Galdera batzuei erantzuten saiatu dira fisikoak, biologoak edo kimikariak. Esaten dutenez, XX. mendeko zientzia fisika izan da, XIX. mendekoa kimika izan zen eta XXI. mendekoa biologia izango da. Ez nuke horrelakorik esango. Bizi garen mendea komunikazioarena izan daiteke.
Zu bertako lehendakari zara. Eman iezazkiguzu zifra batzuk Donostia International Physics Centerren garrantzia agerian uzteko.
850 ikerlari baino gehiago igaro dira zentrotik bere sorreratik gaurdaino eta 27 batzar baino gehiago eratu ditugu. Ideia eta proiektuen katalizatzailea da zentroa dagoeneko. Eta zortzi urte bakarrik daramatzagu lanean. Aurrera begira, munduan barrena dabiltzan gure talentuak erakartzea eta nazioartean dibulgazioa egitea dira gure egiteko nagusietako bi.
Jakiundeko lehendakari ere bazara. Nola doa erakundea?
Herrialde aurreratuetan akademiak dituzte, hausnarketarako gune dira, baita aholkularitza gune ere. Gu herri txiki bat gara eta ezin ditugu ez dakit zenbat akademia sortu. Guk euskal lurralde osoa biltzen duen diziplina arteko taldea sortu dugu. Arlo ezberdinetako adituak biltzen ditu, baina aldi berean oso ikuspegi zabala duen jendea da. Gure lana erakundearen arkitektura eraiki eta martxan jartzea da. Denborarekin kontsultarako erakunde garrantzitsua izan daiteke. Hastapenetan gaude. Bitartekoak behar ditugu.
Joxean Agirre





