Mintza
Erleekiko harremanean jakin behar litaikeen gutiengoa
Datozen lerro hauetan mendeetan zehar euskaldunok erleekiko harremanean sortutako siniste eta usarioak aurkituko dituzu. Erlezantza modernoak gehienak desagertu arazi ditu, baina hainbat eta hainbat oraindik ere atxeman daitezke gure erlazain zaharren oroimenean.
Erleekiko harremana
Euskaldunok betidanik oso begiramen eta errespetu haundia eduki izan diegu erleei. Erleak sakratuak izan dira euskaldunontzat eta hala tratatu izan ditugu. Siniste asko bada erleekiko, baina beti begirunekoak. Haiekilan mintzatzerakoan "zuka" egiten zaie errespetua adierazteko, horrelako forma edo gisa berekoa erabiliz: "ainddire edderra".
Erlazainak erleari goxo-goxo hitz egiten dio. Horrela ez du xistarik bilduko.
Gainerako abereekin ez bezela, erleetan taldea da garrantzizkoa eta banakotzat hartzen da; "erlea" izandatzen zaio erle multzoari.
Erlea "akabatu" baino "hil" egiten dela erraten da, pertsonekin erraten den bezala.
Erleei buruzko ezagutzaren jabeari erle-maixua deritzo. Erledunak asko badira ere bailara bakoitzean beti egoten da erle-maixu bat erledunei iritziak eta aholkuak ematen dizkiena.
Erleren bat sukaldeko kristalera hurbiltzen bada zorionaren edo zoritxarraren seinalea izan daiteke.
Erleak eskuratzeko
Erleak eskuratu nahi badituzu inolaz ere ez dituzu lapurtu behar, bestela geroan erle horrek ez dizu ez eztirik emanen ezta umerik eginen ere.
Goregi hegaldatzen bazen bota berria zen erlakumea harrapatzeko pertzak eta metalezko ontziak joaz oihu eta oihu egiten zen erle multzoa jetsi araztekoa. Batzuetan arrabotsa egin ordez legarra eta lur pixkat botatzen zen airera. Hainbat tokitan "ainddire edderra, pausa zite!" erraten zitzaien.
Zuhaitz edo haitz batean pausatutako erlakumearen jabetza berria adierazteko bi marka erabili ohi ziren: bertan gurutze bat pintatu edo jantziren bat bertan utzi.
Erleok kutxan sartzeko orduan goxo-goxo hitz egiten zaie: "txintxoak, txintxoak zarete, eta sartu etxera... egin lana maiteok..."
Jabetzarik gabeko erlerik eskuratzeko aukera izan ez baduzu, ez dituzu erosi behar. Erleak erosteak edo saltzeak zoritxarra omen dakar, ez ordea, trukean emateak.
Erleen onura
Garai batean, erleak neguan hotzez hil ez zitezen eta udaberriari indartsu ekin ziezaioten arno goxoa ematen zitzaien.
Eztia ateratzeko Iraileko Sanmigel ingurutan egiten zen, beti ere, hilbeheran. Hilbeheran mantsoago omen daude hilberrian baino.
Ezti bila ilunabarrean joaten ziren. Garai hartan ke-ausporik ez eta zartagi haundi bat erabiltzen zen: bertan egur-ikatzarekin egindako txingarrari zaku zahar puskak, puskatutako lokotxak, tabako zuztarrak...etab. botatzen zitzaion kea ateratzeko.
Eztia ateratzeko eskuz puskatzen ziren aberaskak. Beste zenbait lekutan prentsa tipi baten laguntzaz.
Ateratako argizariarekin kandelak eta argizari-listariak egiten ziren etxerako eta elizetako argizaioletan jartzeko. Etxeko zurari emateko ere erabiltzen zen.
Erlauntza ustiatzeko ez dira erleak hil behar, hau egiten duenari kaltea datorkioke eta.
Erleak eta heriotza
Etxekojauna edo etxokoanderea hiltzen zelarik berria eman behar izaten zitzaien erleei, eta halaxe erraten zuten: "Etxekojauna hil da eta egizu argizari asko zerura bidaltzeko", "iatzar zite, buruzagia hil zaizie" edo, soilik, erlauntzan kox-kox joaz "Etxekoanderea hil da" erranez abisatzen zitzaien "erleen betebeharra" betez. Hainbat herritan erlauntzak zapi beltzez estaltzen omen zituzten etxeko nagusia edo anderea hil eta dolumina adierazteko.





