RSS

Ostegunero
Ljpb-rekin

Index > Mintza
27/11/2008

Mintza

"Aitortu beharra daukat segurtasuna eskaintzen dautala tutoretzak"

 

Pierre Larraillet Bearnesa da eta berriki ardiekin lanean hasi da. Industria arloko Bac Pro lortu ondoan, bere aitatxi eta amatxiren etxaldearen segida hartzeko gogoarekin, BP REA helduendako formakuntza segitu du. Iaz laborantza lanetan hasi den arren, gazteak tutoretza baten beharra sentitu du eta esplikatzen dauku zergaitik.

Ziren lekura arribatzeko zein izan da zure ibilbidea?

Basoa lortu ondoan, norabidez aldatzea erabaki nuen. Nere aitatxi eta amatxiren etxaldean lanean arizan nahi nuen, beraz BP REA helduendako formakuntza segitu dut, nekazal entrepresa batetan lan egitearekin batera. Hau da, formakuntza segitu ahal izateko urte batez bederen kotizatua izan behar da eta, nere kasua ez zenez, biak ber mementuan eramatea deliberatu nuen lehen bait lehen ardiekin nahi nuelako arizan. 2007ko abenduan instalatu eta segidan lanean hasi naiz lehengo maneran.

Uda hori baliatu dut borda arramoldatzeko, axuriendako lekua ukaiteko, deizte gela baten eta baita transformazio gela baten muntatzeko ere. Solan grillak ezarri ditut ere.

Nundik ezagutu duzu zerbitzu honen idekitzea?

CFPPArekin eginiko formakuntza bitartez ezagutu dudan Jean Luc Boucheroni esker dut ukan Euskadi-Akitaniaren proiektuaren berri. Nere erakasle zen eta, ikusirik laborantza lanaren ezagutza guti nuela, nere proiektuaren eramateko tutoretza zerbitzua proposatu dit. Zehaztu nahi dut dena zerotik hasi naizela, hau da nahiz lur batzuren jabe izan, berriki instalatu naizen etxaldea ez zela nere gurasoena baizik eta nere aitatxi eta amatxirena. Bigarren graduko familiako etxaldea izanik, beraz, ez ditut familiatik kanpo eskura daitezken abantailak ukan.

Nola hartu duzu tutoretzaren konzeptua eta zergaitik interesatu zaitu?

Hara, erran bezala praktikotasunean laborantzaren ezagutza guti nuen. Esperientzia mailan, hutsune handia sendi nuen artaldearen eramateko jakintasunean edota gasnaren ekoizpenaren funtzionamoldean. Ondorioz, tutoretzak maila hauetan laguntza ekarriko didala espero dut. Bestetik, diruztatze batzu eskuratu ditut CFPPAri esker, hau da ardi sailako zentroak, AOC edota kudeaketa zentroak emaiten dituzten laguntza teknikoak finantzatzeko erabiliak izanen direnak. Laguntza horiek kario dira, beraz nahiz gastu guziak ez dituen estaliko, parte bat bederen estaliko du.

Nola pasatzen da tutoretza hori konkretuki?

Hasi berri da, beraz, hemendik bi urteren buruan erranen dautzut zehazki nola pasa den. Hala ere, erran beharra daukat segurtasuna eskaintzen dautala tutoretzak. Nere tutorea 40 urteko esperorientzia dauka Gaekoan, eta jakintasun handia badu laborantza beretzat pasio bat baita lehenik. Arazo baten aitzinean norbaiten gain kontatu ahal izateak lasaitzen nau ere. Gainera, artaldea eramateko manera berdintsua dugu, beraz biziki untsa pasatzen da.

Bestela konkretuki, galdera bat edota duda baten aitzinean naizenean, deitzen dakot eta elkarren artean elekatzen dugu. Azpimarratu nahi nuke hala ere, arrisku bat egon daitekela zerbitzua baliatzerakoan. Iduritzen zait tutoretza neurtu behar dela, ez dela nola nahi baliatu behar. Tutoreak ez luke proiektuan gehiegi inplikatu behar, proiektua norberarena da eta. Horregaitik uste dut zerbitzuaz aprobetsatu aintzin, hobe dela bakotxak bere bidea egitea lehenik. Ez dut erran nahi urte oso bat itxoin behar dela nik egin dudan bezala, baina bai bakotxak bere proiektua ongi finkatzea eta abian ezarria izaitea. Hutsune propioak identifikatu eta ondotik tutoreak bere lana eginen du zure proiektuan gehiegi sartu gabe, bere erara moldatu gabe eta azken erabakiak zureak izan daitezen.

Zure instalazioa nola pasa da herrian?

Biziki ongi. Erran behar da ene aitatxi eta amatxiren etxaldearen segida hartu izanagatik denak ezagutzen ditudala herrian. Gainera ere aitatxi herriko kontseiluko partaide da, beraz ongi pasa da. Aldiz, nerekin tutoretzan sartu den batek zailtasunak ukan ditu maila honetan. Bere herritik kanpo instalatu denez, auzoek arazoak eman dizkiote lur eremu batzuekin. Herriari alokatzen zituen lur zoinbaitzu auzoek berenganatu nahi izan dituzte eta ondorioz lur gutirekin moldatu beharra da orain. Arazo horrek tutoretzaren beste abaintaila bat eskaintzen du, zeren eta pisuzko arazoen aitzinean bakarrik sentitzea ez da erreza.

Gaxuxa Arranbide